Arantza Díaz

Batzuetan sentimenduak ernetu egiten dira barrenean, beste batzuetan garunean, eta inoiz begirada bati ere heltzen diote. Jakinmina asetzera joan nintzaion Kirmen Uribe poetari. Hurbiltasuna ez ezik hausnarketa sakonak ere eman zizkidan. Oso jende gutxik lortzen du edertasuna zabaltzea baina Kirmen Uribek badu dohaina.

Kirmen Uribe (1970) Ondarroan jaio zen. Filologian lizentziatua, Italian ikasi zuen literatura konparatua. Irakasle, itzultzaile eta gidoigile lanetan aritu da. Bar Puerto ikuskizunarekin herriz herri ibili ondoren, 2001ean Bitartean heldu eskutik poema bilduma arrakastatsua kaleratu zuen. Lan horrengatik jaso zuen Espainako Kritika Saria 2002an.

Elizabeth Macklinen eskutik New Yorken izan zen 2003an, Zaharregia, txikiegia agian ikusentzunezko emanaldia Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin batera eskainiz. Urte berean izen bereko disko-liburua argitaratu zuen.

Arkaitz Basterrak ,aipatutako lanean oinarrituta, Agian filmean jaso zituen bost artisten bizi ikuskerak. 2006an Portukoplak argitaratu zuen itsasoaren aitzakian sortuta. 2007ko urtarrilean Meanwhile Take My Hand , Bitartean heldu eskutik poema liburua Elizabeth Macklinek itzulita, argitara eman dio Graywolf argitaletxeak.

Portukoplak liburua aurkeztera etorri zitzaigun Kirmen Uribe Gasteizko “Parral” tabernara, Geu aldizkariak gonbidatuta . Hona hemen IGUAZÚ aldizkariari emandako elkarrizketa.

Poesía

Iguazú: Mientras tanto dame la mano izeneko liburuaren hitzaurrean zera esan zenuen: “Erabakiek eragiten diote gure bizitzari. Erabaki gabe ezin izango genuke aurrera jarraitu. Idazlearen lanik gogorrena erabakiak hartzea da. Erabaki behar dugu zer esan eta zer ez esan, zein hitz jarri testuan eta zein utzi alde batera. Poesia isiltasunarekiko jokoa baita.” (Mientras tanto dame la mano. Visor Libros, 2004) Noiz erabaki zenuen idazle izatea?

Kirmen Uribe: Italian erabaki nuen idazle izatea. Italiara joan nintzen, Trentora, urtebete, Literatura Konparatua ikastera. Trenton nengoela, idazlanak egin nituen eta neure buruarekin bakarrik egon nintzen denbora asko. Distantziak lagundu izan zidan. Euskal Herritik ateratzeak, han bakarrik egoteak, han zer egiten zen ikusteak, balio izan zidan erabakia hartzeko. Nolabait bukatu zela formazio garaia. Nik uste dut formazio garai bat eduki nuela, urte askotakoa, literatura zer den edo ezagutzeko eta han erabaki nuen bukatu nuela eta jada hasiko nintzela gauzak sortzen baino gauzak argitaratzen, sortuak banituen aurretik ere. Hantxe, hantxe erabaki nuen, Trentoko liburutegian.

Lehenago idatzita zeneuzkan poemak …

Bai, betidanik neuzkan idatzita. Oso gaztetatik hasi nintzen idazten. Baina nik liburuekin banuen gatazka bat. Nik ez nuen ikusten neure burua liburu bat idazten eta idazle moduan, baizik eta nahiago nuen poesia beste bide batzuetatik atera. Literatura serioegia zen eta horregatik idazten nituen letrak musikarientzat. Liburua argitaratu baino lehen egin nuen “Bar Puerto” izeneko ikuskari bat, eta ikuskari hartan bideoa eta grabatuta zegoen jende normalaren testigantza oralak agertzen ziren. Haien bizitza errealak kontatzen agertzen ziren. Orduan hori ere tartekatu zen, tartekatzen ziren poemak eta musika. Azkenean errealitatea eta fikzioa nahasten zituen gauza bat zen. Eta hori egin nuelarik jada hurrengo pausoa izan zen bada liburua ateratzea, Bitartean heldu eskutik ateratzea. Egindako lanak bildu eta gero oso hilabete gutxitan nik sortutako poema asko aukeratu nituen eta hantxe geratu ziren, liburuan. Liburua sortu zen oso garai berezi batean.

Zer behar duzu idazteko, sentitu behar duzu idazten duzuna?

Bai, dudarik gabe. Idazteko bai, sentitu behar dut. Poemak oso geldo idazten ditut. Oso poema gutxi idazten ditut. Ni ez naiz asko idazten duen pertsona bat. Ezta asko hitz egiten duen pertsona bat ere. Nik uste dut hori nire barruko erritmoarekin doala. Poema bat buruan sortzen zait eta gero ateratzen dut. Ez zait gustatzen hainbat poema idaztea, milaka, ehunka poema eta gero aukeratu.

Eta zerk eragiten dizu idaztean?

Gauza askok. Poemak sor daitezke musika batetik, erritmo batetik. Azkenean poeman sortzen dena barruan duzu… Hasierako esaldia asmatzen duzu eta beste esaldiak atzetik etortzen dira erritmo horri jarraituz. Eta gauza intuitiboa bada.

Bai, baina triste zaudenean edo zerbait gertatzen zaizunean… Tristura horrek bultzatzen zaitu idaztera?

Bai, Bitartean heldu eskutik liburuaren kasua hori da. Tristura batetik sortutako liburua da. Liburu hau beltzetik zurira doa. Nolabait neure burua zulotik ateratzea da. Hori izan zen liburu hori

Ahozko tradizioa

Zer garrantzi du jendaurrean poemak errezitatzeak?

Niretzat dena, oso garrantzi handia du. Eta gaur egunean gehiago. Baina hori ez da gaur eguneko kontua. Ahozko pertsona eta literatura pertsona oso lotuta egon dira beti. Dickensek nahiz Lorcak irakurketa asko ematen zituzten. Orduan tradiziorik betidanik egon da, baita Euskal Herrian ere, jakina. Eta niretzat oso garrantzitsua da hori eta gaur egunean are gehiago. Nik uste dut badagoela buelta bat, ahozko istorioetara buelta bat dago. Ahozkotasuna oso presente dago gure gizartean, ez du ematen baina nik uste dut idatzia baino gehiago dagoela presente. Jendeak kontatzen ditu istorioak eta inportantzia handiagoa dauka istorioak nola kontatzen den baino. Medioak baino, bitartekoak baino, istorioak berak dauka inportantzia handiagoa. Eta nik uste dut irakurlea bilatze hori gaur egunean gero eta gehiago egingo dela.

Ahozko tradizioa aldarrikatzen duzu. Ahozko tradizioaren zer oihartzun saiatzen zara igortzen?

Ahozko tradizioa ez da XIX. mendeko gauza bat. Nik uste dut hori argi utzi behar dela. Ahozko tradizioa New Yorken orain badago. Brooklynen irakurtzen egon ginenean kaleko poeta bat etorri zitzaigun. Berak ez zuen libururik argitalatzen, berak rap kantaldiak egiten zituen, poemak sortu eta kantatu. Istorioak kontatzearen kontu hori ere ez da Afrikako kontua. Gizarte aurreratuetan ere jendeak istorioak kontatzen ditu istorioak bizitzeko behar dituelako. Hortik ikusten dut ahozkotasuna ez derrigorrez tradizioari lotua. Oso bizirik dagoena hemen, Taiwanen edo New Yorken. Eta niri pertsonalki iruditzen zait oso gauza bizia dela, istorioak ahoz kontatzen sekula ez dela bukatuko

Hitz joko bat

Ele batzuk proposatuko dizkizut solasaldia amai dezagun.

Zahartzaroa

Zahartzaroan pertsona debil agertzen da. Eta niri oso interesgarria iruditzen zait debilidade hori. Jende helduak askotan baditu ideia finkoak eta uste finko horiekin aurrera egiten du. Baina zahartzaroan gauza horiek zalantzan jartzen dira eta garrantzia ematen zaie beste gauza batzuei. Debilidade hori, debilidade humano hori oso interesgarria egiten zait eta gustatzen zait zaharrekin egotea. Ematen du gaur egungo gizartean zaharrak sobera daudela. Gazteen gizartea da gaur egunekoa, iragarkietan… Dena dago gazteei begira.

Familia

Alde batetik familia behar duzu eta beste alde batetik, atera behar zara handik hasteko. Familia bi gauza aldi berean da. Etxea izan daiteke eta kartzela izan daiteke.

Maitasuna

Maitasuna niretzat da eta ez naiz exajeratzen ari… gauzarik inportanteena. Eta gero eta argiago daukat. Maitasunagatik joan zaitezke bizitzera Sudafrikara, dena utzita. Maitasunagatik dena utz dezakezu, baita zure lana ere, baita zure familia ere. Nik uste dut sentimendurik gogorrena, indartsuena dela. Eta beharrezkoa bizitzeko. Ni oso pertsona maitakorra naiz eta gero maitasuna eskatzen dudana ere bai.

Itsasoa

Itsasoa da… itsasoa da bidea, askatasuna, lasaitasuna. Itsasoa dena da. Eta hori azaldu izan dut orain arte, baina hurrengo lanean gehiago azalduko da. Hurrengo lanean azkenean Atlantikoa bera da protagonista.

(Esker anitz Ainhoa Urberuagari)